XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Autoa aparkatu zuten lekutik, Stuttgart taberna aurretik, ke urdinezko laino lodia ikusten zen, zerurantz zihoala.

Etxe ondora iristean auzotar ugari zegoen bilduta inguruan, ez zutela zer eginik konturatu ziren.

Eraikuntzak barruan egur asko zuenez, sugarrak samur hedatu ziren.

Suak dena irentsi zuen, eta belztutako habe batzuk bakarrik zeuden bere tokian.

Teilatua zeharo erori zen, atzeko horma guztia bezala.

Kanpoko horma batzuk eta barneko zenbait pareta soilik geratu ziren. Urrunetik, multzoak historiaurreko animalia baten hezurdura beltza zirudien.

Ferroletik etorritako suhiltzaileen lanak, garrak itzali eta etxe barrura arrisku barik sartu ahal izateko bakarrik balio izan zuen.

Gertatutakoa ikertzera joan ziren poliziek altzarien eta bestelako tresnen hondakinak aurkitu zituzten etxe barruan, erabat kiskalita, hala nola koadro eta liburu askoren puskak.

Baina adiskide bien gorpuen inolako aztarnarik topatu ez zutenez, sutea hasi zenean etxetik kanpora izango zirela pentsa zitekeen.

Haatik, Adrian eta Xabierren autoak etxe aurreko zelai txikian aparkaturik egoteak aurka egiten zion aldegitearen hipotesiari, oinez edo beste ibilgailuren batean joan ez baziren behintzat.